2013-01-22

Gaurko Pariseko epaiketa konponbidearen aurkakoa da



Gaur, urtarrilak 22 asteartea, Parisen Iruñeko bi bizilagunen kontrako epaiketa dela eta, Iruñeko Ezker Abertzaleak zera adierazi nahi du:

Gaur egun, Euskal Herriak frantziar zein espainiar Estatuekin bizi duen gatazka politikoa gainditzeko aukera paregabearen aurrean aurkitzen gara, hau da, garai itxaropentsuak bizi ditugu. Hartara, Euskal Herriko jendartetik eta Nazioarteko Komunitatetik bidaltzen ari diren mezuak argiak dira: konponbide demokratikoaren norabidean urratsak egin behar direla hain zuzen ere. Zentzu horretan, blokeoaren estrategia baztertu eta behingoz normalizazio politikoaren aldeko jarrera aktiboak hartzea nahitaezkoa dela deritzogu.

Epaiketa berri hau, aldiz, konponbidearen aldeko aurrera pauso baino egin behar den ibilbiderako oztopo berri bat besterik ez da. Hain zuzen ere, horrelako jardunbideak ez dutela bizi dugun gatazka politiko eta salbuespen egoera luzatu baino egiten pentsatzen dugu.

Konponbide garai hauetan, Euskal Preso Politiko eta Iheslariak Euskal Herriratzea litzateke hartu beharreko bidea; mendeku eta blokeoaren estrategia behin-behingoz bertan behera utzi eta konponbide demokratikoari ateak parez-pare irekiz, alegia.

Iruñeko Ezker Abertzalea
2013-01-22

No hay comentarios:

Publicar un comentario