2013-01-22

BIDEOA: #IruñeaArgitzen-eko batzarra


Pasaden larunbatean, urtarrilaren 19an, Iruñeko ezker abertzaleak hiri batzarra burutu zuen duela urtebete hasitako #IruñeaArgitzen barne eztabaida prozesua bukatzen joateko eta Iruñerako estrategia berri eta propio bat diseinatzeko. Ekarpen ugari jaso genituen eta horiek guztiak bildu eta dokumentu batean garatuko ditugu, hemendik denbora batera aurkeztuko duguna. Batzarra bukatuta, indarrez eta ilusioz ekingo diogu fase berri honi.

Gaurko Pariseko epaiketa konponbidearen aurkakoa da



Gaur, urtarrilak 22 asteartea, Parisen Iruñeko bi bizilagunen kontrako epaiketa dela eta, Iruñeko Ezker Abertzaleak zera adierazi nahi du:

Gaur egun, Euskal Herriak frantziar zein espainiar Estatuekin bizi duen gatazka politikoa gainditzeko aukera paregabearen aurrean aurkitzen gara, hau da, garai itxaropentsuak bizi ditugu. Hartara, Euskal Herriko jendartetik eta Nazioarteko Komunitatetik bidaltzen ari diren mezuak argiak dira: konponbide demokratikoaren norabidean urratsak egin behar direla hain zuzen ere. Zentzu horretan, blokeoaren estrategia baztertu eta behingoz normalizazio politikoaren aldeko jarrera aktiboak hartzea nahitaezkoa dela deritzogu.

Epaiketa berri hau, aldiz, konponbidearen aldeko aurrera pauso baino egin behar den ibilbiderako oztopo berri bat besterik ez da. Hain zuzen ere, horrelako jardunbideak ez dutela bizi dugun gatazka politiko eta salbuespen egoera luzatu baino egiten pentsatzen dugu.

Konponbide garai hauetan, Euskal Preso Politiko eta Iheslariak Euskal Herriratzea litzateke hartu beharreko bidea; mendeku eta blokeoaren estrategia behin-behingoz bertan behera utzi eta konponbide demokratikoari ateak parez-pare irekiz, alegia.

Iruñeko Ezker Abertzalea
2013-01-22

2013-01-14

Bideo elkarrizketa: #IruñeaArgitzen


Ezker abertzaleak barne eztabaida bati ekin zion 2012ko hasieran Iruñerako duen hiri proiektua zehazteko eta gure indarrak eraginkortu eta biderkatzeko. Azken urte luze honetan fase ezberdinak izan ditu #IruñeaArgitzen eztabaida prozesuak eta larunbat honetan, urtarrilaren 19an, hura bukatzen joateko Hiri Batzarra antolatu dugu. Eztabaida prozesuaz eta urtarrilaren 19ko batzarraz solasteko ezker abertzaleko kide diren Patrizia Perales eta Joseba Conpainsekin bildu gara.

2013-01-10

#IruñeaArgitzen-en hiri batzarra izango da datorren urtarrilaren 19an

Ia bi urte dira Iruñea berri baterako gure proiektua argitzeko helburuarekin ezker abertzaleko erakunde eta kide ezberdinok #IruñeaArgitzen eztabaida prozesuari ekin geniola, eta dagoeneko azken txanpan gaude. Zein hiri eredu eraiki nahi dugu? Zeintzuk izango dira gure lehentasunezko borroka eremuak eta proiektu zehatzak? Zeintzuk izango dira gure borroka moldeak? Nolakoa izango da gure aliantza dinamika?

Gai hauetaz eta besteetan eztabaidatzeko hitzordua dugu urtarriloaren 19an LABen egoitzan (Arga kalean). Gonbidatuta zaude!

2013-01-04

EDITORIALA: Etorkizuneko Iruñea auzolanean

“Oi gure herria zer hintzen eta non hago” kantuak dioen moduan, historia eta istorio handiko  herria da gurea. Egun ere, inork gutxik uka dezake, Euskal Herrian bizitzen ari garen egoeran, aldaketak ematen ari ez direnik, eta diogunaren adibiderik argienetakoa Nafarroan dugu. Hartara, urteetan, UPN-k nahieran inposatutako ereduari eta jukutriei estaldurak kendu (eta erori) ahala, bertzelako jendartea eta herria eraiki-tzeko aukerari ateak parez pare ireki zaizkio.   

Azken urteotan, UPN-ren estrategia atzerakoi eta espainiarzalearen ardatza Iruñean egon da eta dago, eta hau iruindarroi ederki pairatzea egokitzen ari zaigu. Alegia, elite jakin batzuen zerbitzura inposatutako eredu espainiarzale, atzerakoi eta autoritarioarentzat hiriburuaren kontrola izatea estrategikoa izan da azken hamarkadetan. Barcinaren 12 urteetako agintaldiaren ondotik, iritsi da Maya alkate “ezezaguna” Iruñeko Udaletxera. Batak utzitako miseria kudeatzea egokitu zaio besteari, eta biak ala biak Iruñea eta iruindarrok miseriara eramanen gaituzten politika ereduaren kudeatzaileak dira.

Alabaina eta genion bezala, gauzak Iruñean ere aldatzen ari dira eta nola gainera. Lehengo lepotik burua duen Udal gobernu honek, gutxiengoan gobernatzen du eta jendearen nahiak eta beharrak bestelako neurriak eta eredua martxan jartzea exi-jitzen dute egunaren joan-etorrian. Hori horrela, momentuko beharrei erantzuten diote, Maya-ren (eta bere gobernuaren) itxurazko talanteak eta berarekiko dagoen ezezagutzak. Hots, antzua eta agortuta dagoen ereduaren gain-beherari beste itxura bat emateko diseinatutako “marketin” estrategia bat besterik ez.