2013-01-04

EDITORIALA: Etorkizuneko Iruñea auzolanean

“Oi gure herria zer hintzen eta non hago” kantuak dioen moduan, historia eta istorio handiko  herria da gurea. Egun ere, inork gutxik uka dezake, Euskal Herrian bizitzen ari garen egoeran, aldaketak ematen ari ez direnik, eta diogunaren adibiderik argienetakoa Nafarroan dugu. Hartara, urteetan, UPN-k nahieran inposatutako ereduari eta jukutriei estaldurak kendu (eta erori) ahala, bertzelako jendartea eta herria eraiki-tzeko aukerari ateak parez pare ireki zaizkio.   

Azken urteotan, UPN-ren estrategia atzerakoi eta espainiarzalearen ardatza Iruñean egon da eta dago, eta hau iruindarroi ederki pairatzea egokitzen ari zaigu. Alegia, elite jakin batzuen zerbitzura inposatutako eredu espainiarzale, atzerakoi eta autoritarioarentzat hiriburuaren kontrola izatea estrategikoa izan da azken hamarkadetan. Barcinaren 12 urteetako agintaldiaren ondotik, iritsi da Maya alkate “ezezaguna” Iruñeko Udaletxera. Batak utzitako miseria kudeatzea egokitu zaio besteari, eta biak ala biak Iruñea eta iruindarrok miseriara eramanen gaituzten politika ereduaren kudeatzaileak dira.

Alabaina eta genion bezala, gauzak Iruñean ere aldatzen ari dira eta nola gainera. Lehengo lepotik burua duen Udal gobernu honek, gutxiengoan gobernatzen du eta jendearen nahiak eta beharrak bestelako neurriak eta eredua martxan jartzea exi-jitzen dute egunaren joan-etorrian. Hori horrela, momentuko beharrei erantzuten diote, Maya-ren (eta bere gobernuaren) itxurazko talanteak eta berarekiko dagoen ezezagutzak. Hots, antzua eta agortuta dagoen ereduaren gain-beherari beste itxura bat emateko diseinatutako “marketin” estrategia bat besterik ez.


Mozorroak mozorro, begibistakoa eta nabarmena da eskuineko eredu espainiarzalearen urduritasuna (Iruñeko harresietan Cerverari gertaturiko pasartearen atzean ezkutatzen dena adibiderako). Urduritasun hori dela-eta, hiri eredua ezaugarritzen duten hainbat gaietan defentsiba politikoan oinarritutako “ofentsiba” atzerakoi eta antidemokratikoak martxan jarri dituzte. Testuinguru horretan kokatu behar dira: Iruñeko udalbatzaren gainetik hartzen ari diren erabakiak, hala nola, Santamaria udaltzainburu kargutik ez kentzearena, Donapeako lur sailekin gertatutakoa, Euskara ordenantza ez betetzea, etxegabetzeen inguruan daukan jarrera, Gora Iruñea-ri ezarritako debekuak, Sanferminetako gertaerak (riau-riau eta Villavesaren entzierroko gertaerak...) eta Udaltzaingoaren jarrera oldarkorra, besteak beste.

Aipatu moduan, ekinbide hauek udalbatzaren gehiengoaren gainetik eta herritarren parte-hartze eta eskakizunei jaramonik egin gabe hartuak izan dira. Beraz, bertzelako eredu eta Iruñea bat martxan jartzeko baldintzak ageri-agerian gelditzen ari dira. Puntu honetara iritsirik, hiritarren eskakizun eta beharrei jarraikiz, erantzukizunez eta alderdien interesak bigarren planoan utziz behar diren akordio eta jarduerak lehenetsi behar direla uste dugu. Malgutasunez eta behar den denbora hartuaz, baina aldi berean anbiguetate jokabideak alboratuz. Hau da, Aranzadi aferarekin bezala gertatutakoak berriro gerta ez daitezen (Geroa Bai eta PSNk babestu baitzuten), ardura osoz jokatuz hasieratik bestelako ereduari bide emanez. Eskuin espainarzalearen jokabide eta helburuek orain inoiz baino gehiago, ez baitute erdibiderako tarterik uzten. Norabide horretan, 2013rako aurrekontuek eta urteak berak aukera paregabea eskaintzen digute, UPN-ren ereduaren parean alternatiba garden eta parte-hartzailea adosten hasteko.

Aipatu alternatibaren iparorratza, adierazpen ezberdinetan bizi-bizirik ager-tzen zaigun hiritarron Iruñeak markatzen digu. Historiako beste pasarte batzuetan gertatu moduan, Iruñeko herri mugimenduaren indarguneak igartzen dira jarduera ezberdinetan. Hartara, erasoak eraso azken hilabeteotan aldarrikapenaren eta alternatiba beharraren erdigunea eta eragingune garrantzitsua dugu Iruñea. Hiriko jendarte eremu ezberdinen aldarri eta ekarpenak dira benetako protagonista: gazteak, jubilatuak, emakumeak, irakasleak, oroimen historikoaren aldeko eragileak, ikasleak, ezinduak, jai batzordeak, kultur eragileak, langabetuak, langileak, ekologistak, euskalgintzako eragileak, haur eskolen aldeko taldeak, etxekaleratuak, bazterketa sozialaren aurkako taldeak, merkatariak, tabernariak, auzo elkarteak...Egun bat gehiago itxaron gabe, esparru guztiekin elkarlanerako eta parte-hartze errealerako bideak jorratu behar ditugu. Benetako protagonismoa eta motorea hau baita, eta ez beste inor eta ezer.


Errealitate hau ikusirik, Iruñeko ezkertiar eta abertzaleok hausnarketarako bezala ekinbiderako prest egon behar dugu. Bestelako hiri ereduaren ardatzak behar bezala aztertu, landu eta erraldoia izan behar duen auzolanari bide emateko. Norabide horretan, abiatu genuen duela urte bete Iruñea Argitzen prozedura. Gogoeta horren azken txanpan sartuta gauden honetan, gutun hau ere horretarako baliatuz, gonbitea luzatu nahiko genizueke hurrengo urtarrilaren 19an eginen dugun hiri batzarrean parte-hartzera. Egungo abagune historikoak, ezkerreko eta abertzaleoi testuinguruak eskatzen duen mailan egotea exijitzen digu; ardura maila gorenez jokatzea, alegia. Beraz,  Euskal Herriko hiriburuaren proiektua eta estrategia osatzen ari gara, arduraz, baina baita ilusioz eta gogoz ere, eta lan hau benetan osoa eta aberatsa izan dadin, ahalik eta jende gehienaren ekarpena ezinbestekoa zaigu. Euskal Herria eraikitzeko bidean, Iruñea argitzea baita gako garrantzitsuenetariko bat.

Sortu eratze prozesuan eztabagai eta hausnartzen ari garenari jarraiki, berdintasunean oinarritutako eredu sozial justu eta burujabetza ekonomiko-politikoa lortzea dugu xede. Euskara eta euskal kutura bermatuko dituena hain xuxen. Bide horretan eraginez, aipatu sektore eta esparru horietan, martxan jarri nahi dugun ereduaren ezaugarri eta abantailak ikustarazteko lana biderkatzeko tenore ezin hobean gaude; ezkerreko abertzaleon artean bezala, herri eragile eta mugimenduetan. Hartzen diren erabakiak eskubide osoz gauzatuz eta zentzu berean erabakitzeko eskubidearen beharra maila guztitara zabalduz. Finean, hizki larriz idatzita , eta bere erranahi guztian HERRI ERAIKUNTZA  gauzatzeko pausoak zehaztu behar ditugu. Nafarron berezko historia eta izaera balorean jarrita.

Jakin badakigu egin beharreko ibilbide hau guztia pausoz-pauso eraiki beharko dugula. Eremu eta pentsakera ezberdinetako eragileekin elkarrizketak abiatuz eta elkarlan zintzo bat martxan jarriz. Alegia, elkarlan horiek benetako kontra botere eta herri botere bilakatzeraino. Hainbeste jendek eta belaunaldik amesten genuen aukeraren aurrean gaude eta diogun bezala, baldintzak sortuz doaz etenik gabe, probestu dezagun bada!


2012ko abenduak29

No hay comentarios:

Publicar un comentario